Usamos cookies propias y de terceros para mejorar su experiencia como usuario. Al hacer clic en cualquier enlace de este sitio web usted nos está dando su consentimiento para la instalación de las mismas en su navegador.
Más información

Adierazpen instituzionalari atxikitzea. Parke eolikoen eta parke fotovoltaikoen proiektuen aurka

2021eko otsailaren 19an, Leotzeko Udalak erabaki zuen Erakunde Adierazpen hau onartzea: Leoz/Leotz udalerrian instalatu beharreko parke eolikoen eta parke fotovoltaikoen proiektuen aurkako mozioa, honako hau baitio:

 

“Joan den urtearen amaieran, Accionak udal honi adierazi zion garrantzi handiko bi proiektu ezarri nahi zituela, “Mairaga” eta “Barranco de Mairaga”-ko parke eolikoak (50MW bakoitza) instalatzeko hainbat udalerritan, horien artean Leoz, eta zenbait kontzejuri ere eragin zien (Iratxeta eta Leotz, besteak beste).

 

Enpresak informazioa eman ondoren, udal honek jakin zuen foru lurralde osoan proiektu eoliko eta fotovoltaiko berriak aurkeztu direla, batzuk izapidetzen ari direla eta beste batzuk jarduketak hasteko zain daudela.

 

Udal honek aitortzen du energia fosilak energia berriztagarri, jasangarri eta ez-kutsatzaileetara aldatzeko premia larria dagoela, baina trantsizio ekologikoa ezin da egin gure ingurunearen industrializazioaren kontura edo gure kasuan, Erdi Eremuaren eredu sozial eta ekonomikoa arriskuan jarriz; izan ere, planifikazio egokirik gabeko eredu zabaltzaile batek aurrez aurre talka egiten du politika guztiekin, Nafarroako Gobernuaren Lurralde Kohesiorako Departamentuak, aldezten duten eta garatzen ari den,eta  halaber,  Udal honek aldezten dituen politika horiekin.

 

Gainera, udal honek energia garbiak eta berriztagarriak erabiltzea defendatzen du, baina, aldi berean, ingurunearekin eta mendien erabilera onenekin bateragarriak izan daitezen, betiere ahalik eta ingurumen-inpaktu txikiena lortzeko helburuarekin.

 

Hala ere, plangintza inkoherente batean inbertitzaile handien interes ekonomizistak bakarrik sartuko dira jokoan, instalazio txikia eta autokontsumoa baztertuz, eta ez da kontuan hartu kaltetutako biztanleen benetako posizionamendua.

 

Egia da Nafarroak 2030 Ortzimuga Nafarroako Energia Plana (Pen 2030) duela. Plan horren 2030erako helburu estrategikoak, zehazki energia eolikoari dagokionez, honako hauek dira: autohornikuntza-ratioak hobetzea, minieolikoekin autokontsumoko proiektuak sustatzeko laguntzak eta zerga-kenkariak, eta parke eolikoak berrindartzea. Eta egia da, halaber, Plan horretan Nafarroan parke eolikoetarako Harrera Gaitasunaren Mapa ezarri dela.

 

Baina egia da mapa hori ezin dela tresna egokia izan parke eolikoak modu desordenatuan ezartzeko, gure mendiak industrialde bihurtuz. Dokumentu estrategikoa izan daiteke, baina ez du balio, nahi den bezala, poligono eolikoen ezarpen masiboari aurre egiteko; izan ere, ez dago planeamendu koherenterik eta egungo errealitate energetikora egokituta dagoen planeamendurik, eta bertan identifikatu behar dira eremukako potentzial energetikoen mailak eta eremukako poligonoak ezartzeko lehentasunak.

 

Segurtasun faltako egoera horri gehitu behar zaio Klima Aldaketari eta Trantsizio Energetikoari buruzko Foru Legea aurreproiektu fasean dagoela oraindik; Lurralde Antolamenduko Planek ez dutela horrelako proiektuak ezartzeko erabileren plangintza egokirik jasotzen; eta Leoz/Leotzen kasuan ere ez dagoela horrelako instalazioen erabileren eskaerei erantzun ahal izango dien hirigintza-plangintza egokirik.

 

Horrela, bada, izapidetze-sistema bat dugu aurrean, testuinguru arauemaile eta planifikatzaile eskasean oinarritua, eta ez du bermatzen ez gardentasuna, ez parte-hartzea, ez benetako ingurumen-irismena Leoz/Leotz bezalako eremu batean, non gure lurraldearen zati handi batean halako  instalazioek gainezka egiten baitute.

 

Egoera horrek gogoeta eragin behar du energia-ereduaren aldaketa, kontsumo arrazionalagoa eta gure ingurunearen beharretara eta aukeretara egokituagoa sustatzeko premiazko beharrari buruz, bai eta egitura eta instalazio berriztagarrien dimentsionamendua eta kokapena planifikatzeko irizpideak, izapideak eta plangintza bateratzeko beharrari buruz ere.

 

Partaidetza-eredu batean sinesten dugu, ukitutako biztanle guztiak aintzat hartuko dituena, betiere natura-, paisaia-, historia-, kultura- eta gizarte-ondarea erabat errespetatuz. Eredu ez espekulatiboa, lurraldeek beren energiaren kudeaketan inplikazio handiagoa izango duena eta energia berriztagarriak landa-garapen iraunkorrarekin,  gure ondarearen zaintzarekin eta kontserbazioarekin bateragarri egitea ahalbidetuko duena.

 

Horregatik guztiagatik, HONAKO HAU ERABAKITZEN DA AHO BATEZ:

 

Lehenengoa.- Berariaz adieraztea Udalak ez dituela onartzen Accionak proiektatutako “Mairaga” eta “Barranco de Mairaga-ko” parke eolikoak, Erdialdeko Eremuko zenbait udalerri eta kontzejuri eragiten dietenak, ez eta Leoz/Leotz udalerrian instalatu nahi den beste edozein parke eoliko edo fotovoltaiko ere.

 

Bigarrena.- Nafarroako Gobernuari eskatzea parke eolikoen eta fotovoltaikoen proiektu guztien luzamendu bat, izapidetzen ari direnak edo eskatutakoak, harik eta 2030erako Nafarroako Ortzimuga Plan Energetikoa garatzeko plangintza bat egin arte, zehazkiago Nafarroan parke eolikoetarako Harrera Gaitasunaren Mapa garatzeko plangintza bat egin arte, herritar guztiek eta, bereziki, eremu kaltetuenetako gizarte-, ekonomia- eta ingurumen-eragileek plangintza parte-hartzailea sustatuz.

 

Hirugarrena.- Adierazpen Instituzional hau Nafarroako Gobernuko Ekonomiaren eta Enpresen Garapeneko Departamentuari (Industria Antolamenduko, Energia Azpiegituretako eta Meatzeetako Zerbitzua) eta Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuari jakinaraztea.

 

Laugarrena.- Alkatetzaren bidez, Adierazpen Instituzional honen berri ematea interesgarritzat jotzen diren udal eta kontzeju guztiei eta beste administrazio publiko batzuei, onartutako Adierazpen Instituzional honen aldeko jarrera har dezaten. “